Kolaborazioa: Mijo Lizarburu

Les Survivants du Che dokumentalean, Leonardo Tamayok, Urbano ezizenez ezagunak, Bolivian Ernesto Guevararen erailketaren ostean bizitako pasadizo bat kontatzen du. Boliviako armadak alde guztietatik erasotzen zien, eta gerrillariek atzera egin besterik ez zuten egiten, posizioak bata bestearen atzetik galduz. Halako batean, egoeraz nazkatuta, Urbanok bere bizitza salbatu zuen mugimendua aktibatu zuen, tiroei erantzuteari ekin zion, bere kideei oihuka: «¡Disparen, disparen, que a los cobardes los matan primero!».

Azken urteetan, faxismoa datorrela entzun dugu etengabe, beno, ba hemen dago. Ultraeskuinaren gorakada internazional zein estatalak komunikabideetako titularrak betetzen ditu, horren aurrean Euskal politikan EAJk faxistizaziorako joera hartu du (Ceutako etorkinei Euskadira etortzea ukatuz edo gure hirietako kaleetan bizi diren gazteekiko laguntza kriminalizatuz). Euskal Herrian egoera elektorala bestelakoa da ordea, ultraeskuinak ez du hemen Espainian duen indarra. Voxek, esaterako, botoen %2,6 inguru eskuratu zuen EAEn 2023ko hauteskunde orokorretan, Espainiako Estatuko %12,4ren aldean. Agertu da dagoeneko Alianza Catalanak herrialde katalanetan egin zuen bezala Euskal alderdi arrazista propioa sortzeko apustua: ELE, baina prentsak haien presentzia puzteko egiten dituzten ahaleginak albo batera utzita, ez dirudi faxismoak hemen arrakasta elektoral bera lortzeko gaitasunik duenik.

Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herria erreakzionarismotik salbu dagoenik, erreakzionarismoa ezin baita ultraeskuinaren presentzia elektoralarekin soilik neurtu. Faxismoa proiektu politiko ultranazionalista eta autoritarioa da, kapitalismoaren krisi garaietan erregimenaren nagusitasuna bermatzeko erantzun kontrairaultzaile gisa artikulatzen dena. Erreakzionarismoa, berriz, ez da eskuinaren jabetza esklusiboa, proiektu politiko oso ezberdinekin artikula daitekeen orientazioa baizik.

Ezkerreko militante batek klase borroka defendatu dezake, eta aldi berean borroka feminista deslegitimatu. Feminista batek patriarkatuaren aurka egin dezake eta bitartean emakume izateko baldintza sexuaren definizio biologiko esentzialista dela defendatu. Euskal Herriaren askapen nazionalaren alde borrokatzen duenak ez du zertan gure herrian normalizatuta dauden harreman kolonialak erasotu. 

Hemen agertzen da antifaxismoaren muga posibleetako bat. Faxismoa gure kanpoan dagoen etsai gisa soilik identifikatzen dugunean, antifaxista izatea gure posizioen izaera emantzipatzailearen berme gisa aurkezten dugu, eta horrek ez du zertan horrela izan. Kolonialismoak eta heteropatriarkatuak ez baitio erreakzionario izateari uzten ezkerreko mugimenduetan praktikatzeagatik. 

Baina kontua sakonagoa da, arazoa ez baita soilik gure mugimenduen barruan dagoen erreakzionarismoa identifikatzeko zailtasuna, baizik eta erreakzioaren presiopean gure posizio politikoak haren eskakizunetara egokitzen hastea. Emilio Delgado edo Daniel Bernabe bezalako matxiruloei diskurtsoa erosten dietenek egiten duten bezala, gizon koitaduak feminismoagatik erasotuta sentitzen direla, ez dutela ulertzen eta langile klasearen edo arrakasta elektoralaren izenean gure posizioak leundu behar ditugula esanez. Edo Gabriel Rufianen deklarazio arrazistak onartzen dituztenek bezala, esanez ezkerrak migrazioaren problematika gestionatu behar duela, gu eta beraiek muga arraziala erreproduzitu eta gure auzokide arrazializatuak berezko arazo izango balirateke bezala aurkeztuz. 

Horrela, gutxika-gutxika faxismoaren diskurtsoak ezkerrean barneratzen dira Overtonen leihoa gero eta gehiago mugituz. Atzo feminismoaren helburu emantzipatzailearen parte ziren aldarrikapenak (gizon eta emakume klaseen abolizioa adibidez) gaur muturreko posizio gisa aurkezten hasten badira, eta mugimendu feministaren sektoreek ere ikuspegi hori bere egiten badute, erreakzioak ez du zertan bere programa osoa inposatu, dagoeneko irabazi baitu. 

Jakina, mugimendu sozialek ezin dute etengabe erasora jo. Badira neke militantea, errepresioa, antolakuntza-zailtasunak eta indar-harreman desorekatuak. Baina ez dezagun ahaztu ezkerraren batasunaren izenean egindako ukoek ez dietela guztiei berdin eragiten. Zein aldarrikapen dira moderatu beharrekoak? Nortzuk dira itxaron behar dutenak? Pertsona arrazializatuen, transen edo sexu-genero disidenteen eskubideak bigarren mailan uztea eskatzen denean, ezkerraren batasunaren truk ordaindu beharreko prezioa ez da guztiontzat berdina. 

Testuinguru honetan, transfeminismo autonomoak grabitate-zentro iraunkor bihurtzeko erronka duela iruditzen zait. Ez mugimendu feminista osoa ordezkatzeko, ez gainerako korronteak bere menpe jartzeko, baizik eta mugimenduaren orientazio politikoa baldintzatzeko gaitasun antolatua eta iraunkorra eraikitzeko. 

Autonomiak ez du isolamendua esan nahi. Alderantziz, instituzioek, alderdi politikoek eta ezker erreakzionarioek ezarritako mugen menpe egon gabe, aliantza berriak eraikitzeko eta gainerako mugimenduetan eragiteko gaitasuna izatea esan nahi du. Bestela, erreakzioak ezarritako eztabaiden barruan harrapatuta geratuko gara, etengabe gure existentzia justifikatzen, eta inoiz ez geure etorkizuna eta eztabaida politikoaren markoa definitzen. Audre Lordek ohartarazi zigun bezala, isiltasunak ez gaitu babestuko. Eta Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 25ean kaleetan aldarrikatuko duen bezala, ez ginen atzera egiteko jaio. 

Horregatik ekarri dut Urbanoren pasadizoa hasierara. Jakinda, gerrilla baten eta egungo borroka feministen arteko distantzia historiko eta politikoa nabarmena dela, baina badugula horietatik zer ikasi, faxismoa ezin delako erreakzionarismoz borrokatu: Egin tiro! koldarrak dira eta hiltzen dituzten lehenak!