Ez dira akordioak, kultura politikoa da

Asteazkeneko  titularra: “Fronte Zabala Euskadin aurkeztuko da, EH Bildurekin alderatuta «argi eta garbi bereizten duten zenbait elementu» dituelako”.

Aldi berean, Fronte Zabal horrek berak hainbat aste daramatza Espainian ezkerreko indar guztiei fronte komun batean elkartzeko eta desberdintasunak alde batera uzteko proposamena egiten. Kontrajarriak diren bi diskurtso baina aktore bakarra. Gainera, lurralde jakin batzuetan alderdi desberdinen arteko akordio taktikoak gauzatzen ari dira, ERCren eta Podemosen artekoa kasu.

Titularretatik haratago, ezinbestekoa da galdera batzuei erantzutea. Posible eta desiragarria izango litzateke Podemosek ERCrekin egin duen akordio bera EH Bildurekin egitea? Eta, helburua faxismoari ezkerretik aurre egitea bada, zentzurik ba al du Fronte Zabala Euskal Herrian ere aurkezteak?

Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko ezkerrek kultura politiko eta jarduteko modu desberdinak dituzte. Hauxe ulertzeko, bi kontzeptu eduki behar dira kontuan: portaera politikoa —gizabanakoen edo taldeen jokabide politikoa aztertzen duen diziplina—; eta kultura politikoa —gizarte batek politika ulertzeko eta bizitzeko duen modua—. Desberdintasun horiek ez dira soilik estrategia edo taktika politikoetara mugatzen; politikaren inguruko ikuskeran eta antolatzeko zein jarduteko moduetan ere islatzen dira. Eta Espainiako ezkerrak eta Euskal Herriko ezkerrak ez dute portaera eta kultura politiko bera.

Prekanpaina honetan argi ikusten ari gara. Espainiako ezkerraren kultura politikoa mediatikoa izaten ari da, espektakularizazioa eta negoziazioaren show-a nagusi dira. Euskal Herriko ezkerrarena, ordea, isiltasunean eta fokutik kanpo garatzen ari da. Prentsaurrekoak eta iragarpen ofizialak batzuek; X-ko mezuak eta tertuliak besteek.

Gainera, Podemosek Espainiako Estatuko beste ezker subiranista batzuekin aliantzak egiteko aukera mahai gainean jarri du, hauteskunde-sistema justifikazio gisa erabilita. Horrela, Podemosek erabaki du ERCren zerrendetan bere kideak aurkeztea, eta ERCko eta Podemoseko boto-emaileek ez dute bien artean aukeratu beharko. Kalkulu estrategikoa egin da: ERCk aukera gehiago eduki litzake barruti bakoitzean boto gehiago lortzeko eta, beraz, eserleku gehiago eskuratzeko. Hala ere, boto horiek ez dira asko izango, Podemosen azken urteetako emaitzak ikusita, Herrialde Katalanetan bere boto kopuruak beherantz egin duelako.

Egoera honen aurrean, hauteskunde-sistemaren justifikazioa kontraesanean sartzen da, zehazki, Euskal Herrian. Arrazoi berberengatik, Podemosek joko-eremua libre utzi beharko luke gure lurraldean, izan ere, aurkezteak ez lioke aukera handirik emango hauteskunde-barrutietan eserlekurik lortzeko.

Bestetik, Podemosek lurralde bakoitzean ezkerreko indar subiranistekin akordioak egiteko egindako proposamena ez dago behar bezala zehaztuta, eta orokorregia da. Indar subiranista guztiek ez dute hauteskunde-indar bera beren lurraldeetan, ezta gizartean errotze-maila bera edo Podemosekin harreman bera ere.

EH Bilduk, adibidez, oinarri sozial sendoa, koadro politiko indartsuak eta hauteskundeetan hazkunde egonkorra ditu, eta horrek ez du halako akordio bat bereziki onuragarri bihurtzen. Gainera, Euskadiko Podemosek ez du Rufiánen moduko figurarik, bi alderdien arteko lotura-lana egin dezakeenik, eta bere agenda politikoa Espainiako Estatuko dinamiketara lotuago dago Euskal Herriko errealitatera baino.

Beste indar subiranista batzuk, Adelante Andalucía kasu, hauteskundeetan hazten ari dira, baina Podemosekin duten harremana gatazkatsua da. Mesfidantza handia, barne-gatazkak eta haustura politikoak izan dituzte, oraindik sendatu gabeko zauriak utzi dituztenak. Horrek guztiak oso zaila egiten du hauteskunde-lehia baterako akordioa lortzea. Badira beste alderdi batzuk ere, Drago Canarias edo Més Mallorca/Menorca kasu, berriagoak direnak eta ibilbide politiko laburragoa dutenak. Horiek elektoralki aukera gutxi dituzte. 

Espainiako Estatuko ezkerreko indar politiko eta sozialei ez zaie interesatzen behar bezala ulertzea EH Bildu Hego Euskal Herriko fronte zabala dela. Eta, hain zuzen ere, hori posible izan da Euskal Herrian bestelako portaera eta kultura politikoa dugulako. Gainera, urte luzeetako oinarrizko lan militanteari eta behetik gorako antolaketa-logikari esker iritsi da EH Bildu gaur egun duen posizio politikora.