Etxebizitzaren aldeko borrokaren biharamuna

Greba orokorraren biharamunean, Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrean, EAJk alokairu-kontratu mugagabeak luzatzearen aurka bozkatu zuen, beste behin ere, maizterren alde egin beharrean jabeen alde kokatuz.

Gessami Forner

Azaroaren 11ko greba orokorraren eragina handiagoa izan zen bi ezaugarri dituzten lurraldeetan: soldaten eta alokairuen prezioen arteko arrakala handiena dutenetan, eta sindikalismo borrokalariaren tradizioa errotuen dagoenetan. Azken horietan indar handia dute ELA, LAB, Steilas, ESK, CIG (Galizia), CGT, Corriente Sindical de Izquierda (Asturias) eta CNT sindikatuek. Horiei, azken urteotan, maizterren sindikatuak eta etxebizitzaren aldeko kolektiboak gehitu zaizkie. Horregatik, oraingoan, Euskal Herria, Katalunia eta Asturias ez ezik, Madril, Galizia eta Valentzia ere izan dira azaroaren 11ko protesten buru. Izan ere, etxebizitzaren prezioak estu hartzen ditu hango herritarrak, eta prezioen igoera hemen baino askoz ere bortitzagoa eta bat-batekoagoa izan da.

Euskal Autonomia Erkidegoak hamarkadak daramatza Estatuko metro koadro garestienen sailkapenen buruan, bai salerosketan, bai alokairuan. Donostia, Zarautz, Bilbo eta Getxo dira etxebizitza eskuratzeko hiririk garestienak. Bien bitartean, Gasteizen, salmentarako etxebizitza pribatuak edo tasatuak etengabe eraikitzea etxebizitzaren arazoaren konponbidea delako ilusio faltsua zabaldu da. Baina ez da hala: alokairu-eskaintzak urria eta garestia izaten jarraitzen du. Nafarroan, berriz, azken urteotan etxebizitzaren prezioak ia bat-batean egin du gora, Estatuko beste hainbat eremutan bezala. Igoera hori zertxobait moteldu da 2026an (% 5), alokairu-merkatu tentsionatuko eremuak izendatu ondoren.

Behin eta berriz egiaztatu dugu Euskal Herriak Estatuko mobilizazio-gaitasunik handiena duela lan-gatazkei dagokienez. Lantoki historikoetan lanuzteak egin dira; greba orokorrak antolatu dira prestazio hobeak aldarrikatzeko, hala nola aurtengo martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eskatzeko eta 2020ko urtarrilaren 30ean pentsio duinak aldarrikatzeko; eta munduko lehen greba feminista orokorra ere egin zen, 2023ko azaroaren 30ean. Hori guztia kontrabotere-sindikalismoaren, gizarte-mugimenduen eta feminismoaren tradizio historiko luzeari zor zaio. Baina, orain arte, zer gertatzen zen etxebizitzarekin? Agendan zegoen ala ez?

Bai, bazegoen. Klase-sindikatuen artean, LABek Erandioko Zortzien borroka gidatu du, InmoCaixak Mosaic inbertsio-funtsari saldutako zortzi etxebizitza-blokeena. ELAk, berriz, 2020an Alda maizterren sindikatuaren sorrera bultzatu zuen Ipar Euskal Herrian, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren bidez. Sindikatu horrek dagoeneko lorpen politiko aipagarriak eskuratu ditu, Frantziako Estatu osoko legedian aplikatzen direnak. Pandemia garaian sortu ziren, halaber, Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta Bilboko AZET, etxebizitzaren aldeko beste hainbat kolektiborekin batera.

Joan den azaroaren 11n Bilboko kaleetan nagusitu zen sentsazioa, goizeko manifestazioko zutabeak jendetzaren ondorioz pilatuta eta aurrera egin ezinik zeudela ikusita, espero baino askoz gehiago ginela izan zen. Etxebizitza, hemen ere, gizartearen ezinegona egituratzen duen ardatz bihurtu da. Ez die soilik ohiko kolektiboei eragiten —gazteei, ama bakarreko familiei eta migratuei—, gainerako herritarrei ere eragiten die. Eta herritar asko dira horiek.

Familian etxebizitza bat oinordetzan jasotzeak, askotan senideak bizirik daudela, gizartearen zati bati arazoari nolabait aurre egiteko aukera eman dio. Horrela, arazo latz bat alfonbrapean ezkutatu da. Baina «amonaren pisuan bizi naiz», «izebari erosi diot etxea» edo «ahizpak eta biok gurasoen pisua partekatzen dugu» gisako irtenbideak agortu egin dira. Eta hurrengo aukera ere bai: ondoko herrira edo pixka bat urrunago bizitzera joatea. Horrek ere urte gutxi batzuetan baino ez zuen balio izan. Ez Durangok, ez Lasartek, ezta Castrok ere —bizkaitar askok aukeratutako Kantabriako herriak— ez dute jada prezio eskuragarririk eskaintzen. Horregatik bete ziren kaleak azaroaren 11n: ez dago beste aukerarik. Erakunde publikoen geldotasunaren aurrean, etxebizitza euskal politika egituratzen duen ardatzetako bat dela berretsi da.

Hala ere, EAJk ezikusiarena egiten jarraitzen du. Zenbat eraikin egin dira azken urteotan Bilbon, itsasadarraren ertzean, prezio astronomikoetan, alokairu sozialak oso maila baxuan jarraitzen duen bitartean eta Alde Zaharra etxebizitza turistikoz betetzen ari den bitartean? Bilboko hauteslerik despistatuenak ere badaki ez EAJk ez PSEk ez diotela etxebizitzaren arazoa konponduko.

Aitzitik, larriagotu egiten dute. Grebaren biharamunean, Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrean, EAJk inolako lotsarik gabe bozkatu zuen etxebizitzari buruzko bi dekretuetako baten aurka: Aitor Estebanen alderdiak ez du nahi alokairu-kontratuak mugagabeak izatea, jabe txikiei «kalte egiten» dietela argudiatuta. Argudio horren egiazkotasun faltaz harago, EAJk maizterrak ez babestea erabaki zuen. Horregatik ez zuen babestu azaroaren 11ko greba.

Ez horregatik bakarrik, baina greba orokorrak eta Batzorde Iraunkorreko bozketak berretsi egin dute dagoeneko susmatzen genuena: badirudi zein izango den azaroaren 29ko emaitza Hego Euskal Herrian, non EAEk 18 eserleku dituen Espainiako Diputatuen Kongresuan eta Nafarroak beste bost. Inkestek iradokitzen duten bezala, EH Bilduk EAJ aurreratuko du.