Bizi ala iraun?Subiranotasuna mundu zaharraren krisian

Kolaborazioa: Jon Azkune

Bizi ala iraun. Dialektika hori aurkezten zigun Berri Txarrak taldeak biziraun abestian. Apalera begiratu eta 1918an Oswald Spengler-ek idatzitako lana dakusat: Mendebaldearen Dekadentzia. Ehun urte baino gehiago igaro diren honetan, leihoaren bestaldera Spenglerren lanaren oihartzunak entzun daitezke.

Genova, Amsterdam, Londres, New York/Washington. Eta horizontean, Pekin. Giovanni Arrighi-k atea jo du. The Long Twentieth Century (1994) liburua zabaldu eta hurrengoa diosku: kapitalismoaren historia ez da etengabeko hazkunde lineal baten historia, baizik eta metaketa-ziklo sistemiko desberdinen segida. Ziklo horietako bakoitza potentzia hegemoniko baten inguruan antolatu da, eta hedapen ekonomikoaren, finantzarizazioaren eta krisiaren arteko harremanek baldintzatu dute haren bilakaera.

Spenglerrek zibilizazioaren patu saihestezina ikusten zuen lekuan, Arrighik kapitalismoaren botere-zentroen lekualdaketa historikoa erakusten digu. Aipatu hiriek XVI. mendetik aurrera egon diren zentro hegemonikoen segida ordezkatzen dute eta momentu honetan azkena eta azken aurrekoaren arteko lehiak (des) ordenatzen du mundua. Egun, Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBen gidaritzapean eraikitako nazioarteko ordenaren eraldaketa sakonago baten aurrean gaude. Txinaren gorakadak, kapitalismo globalaren botere ekonomikoaren birbanaketak eta lehia geopolitikoaren areagotzeak zalantzan jarri dituzte azken hamarkadetako hainbat oreka. Horrek ez du esan nahi AEBen hegemonia desagertu denik, ezta mundu-ordena berri bat behin betiko finkatu denik ere. Nagusi zenaren zahartzaroak eta oraindik nagusi ez denaren nerabetasun luzeak kaosari ateak irekitzen dizkio. Bitartean, Europako geriatrikoan galdera zaharra entzuten da: Quo vadis, Europa?

Hegemonia-krisiek ez dituzte nazioarteko harremanak bakarrik eraldatzen. Estatuen barruko botere-harremanak ere berrantolatzen dituzte. Kapitalismo globalaren eraldaketak, desberdintasun sozialen areagotzeak eta erabaki ekonomikoen gaineko kontrol demokratikoaren mugek subiranotasunaren auzia berriro kokatu dute eztabaida politikoaren erdigunean. Jule Goikoetxeak esaten digun moduan, demokraziaren pribatizazioaren ondorioz erabaki politikoak, ondasun publikoak eta herritarren autogobernurako eskumena merkatuko elite eta korporazio pribatuen mende geratu dira. Erabakitzeko gaitasun demokratikoaren higadurak subiranotasunaren inguruko gatazkak areagotu ditu. Baina gatazka horiek ez dute norabide bakarra: kasu gehienetan sakoneko mekanismoa antzekoa izan arren, hartzen duten forma eta funtsa oso bestelakoak dira.

Eskoziako independentzia erreferendumak eta Brexitak ispilu-joko paregabea eskaintzen digute. 2014. urteko Eskoziako independentzia erreferendumaren lelo nagusia Scotland’s future is in Scotland’s hands izan zen. 2016. urteko Brexitaren kanpainan, Dominic Cumings-ek, Mendebalde zaharraren hats agonikoari ahotsa eman zion: Take Back Control. Bi erreferendum, bi lelo eta, itxuraz, aldarrikapen bera: herriak bere etorkizunaren kontrola berreskuratu behar du. Baina zer herri? Noren esku utzi nahi da boterea? Eta, batez ere, zertarako berreskuratu nahi da subiranotasuna?

Hor dago gaur egungo subiranotasunaren auziaren paradoxa nagusietako bat. Kapitalismo globalaren eraldaketak eta erabakitzeko gaitasun demokratikoaren higadurak subiranotasunaren inguruko eskaerak elikatzen dituzte, baina eskaera horiek norabide politiko kontrajarriak har ditzakete. Subiranotasuna aldarrika daiteke boterea herritarren artean banatzeko, baina baita boterea zentralizatzeko ere; eskubide sozialak zabaltzeko, baina baita komunitate politikoaren mugak estutzeko ere. Mugimendu feministak aspaldi erakutsi digu boterearen demokratizazioa ez dela erakunde politikoetara mugatzen: etxeetan, lantokietan eta zaintza-harremanetan ere badago zer erabaki eta zer eraldatu. Hortaz, subiranotasunaren auzia nork erabakitzen duen galdetzea ez ezik, zer erabakitzen den eta erabaki horiek non hartzen diren aztertzea ere bada.

Azken galdera horretan kokatzen da, hain zuzen ere, euskal subiranismoaren eta Espainiako ezkerraren zati handi baten arteko desberdintasun nagusietako bat: erabaki politikoak hartzeko eskala. Biek aldarrika ditzakete justizia soziala, berdintasuna edo demokraziaren sakontzea, baina ez dute zertan bat egin erabaki horiek hartzeko subjektu politiko nagusia zein den zehazterakoan. Espainiako ezkerrak estatua hartzen du erreferentziazko esparru politiko gisa; euskal subiranismoak, aldiz, Euskal Herria aldarrikatzen du bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko subjektu gisa. Desadostasuna ez da, hortaz, zer politika egin behar diren soilik, ezpada politika horiek erabakitzeko zilegitasuna nork duen.

Hala ere, Espainiako ezkerraren hainbat sektorek eztabaida hori identitate nazionalaren eremura mugatzeko joera izan dute. Ikuspegi horretatik, subiranismoa hizkuntzaren, kulturaren edo sentimendu nazionalaren defentsarekin lotzen da, eta haren aldarrikapen politikoak partikularismo identitarioaren adierazpen gisa aurkezten dira. Karikatura horrek, ordea, funtsezko kontraesan bat ezkutatzen du: Espainiako Estatua erabakitzeko esparru naturaltzat hartzea ere hautu nazional eta politikoa da, ez neutraltasunaren adierazpena. Gaztelania eta Espainiako selekzioa lilura mundialaren ordezkari bilakatzen dira. Espainiako herritarren subiranotasuna unibertsaltasun demokratikoaren izenean defendatzen da eta euskal herritarren erabakitzeko gaitasuna nazionalismoaren eremura baztertzen da. Horrela, boterearen banaketari buruzko eztabaida identitate unibertsal eta partikularren arteko gatazka gisa aurkezten da.

Kotoiaren frogak, aldiz, kontrakoa adierazten digu. Azken hamarkadetan Euskal Herrian, Katalunian eta Eskozian garatutako subiranismo aurrerakoien indarra ezin da azaldu iraganean iltzatutako identitate nazional baten iraupenaren bidez. Mugimendu horiek, identitate nazionala, autogobernurako aldarrikapen demokratikoarekin, eskubide sozialekin eta gizarte-eredu propio bat eraikitzeko aukerarekin lotzeko gaitasuna erakutsi dute. Beste modu batera esanda, beren indarraren gakoetako bat herrien autogobernua proiektu politiko aurrerakoi baten barruan artikulatzea izan da, identitate nazionaletik haragoko sektore sozialak erakarriz. Hala ere, batzuek bide hori desegiteko pauso argiak eman dituzte. Aliança Catalana-ren gorakadak erakutsi digu Katalunian ere subiranismoaren izenean proiektu baztertzaileak eraiki daitezkeela. Euskal Herrian ere antzeko tentaldia sumatzen da esentzien potoaren zaintzaileen artean. Azkenean, gu ere uste duguna baino globalagoak gara.

Mendebaldearen krisiaren garaiotan, subiranotasunaren itzulerak ez du, berez, etorkizun demokratikoago bat bermatzen. Ultraeskuinak iraganeko handitasunaren promesarekin erantzuten dio krisiari, mugak eta hierarkiak berreraikiz; subiranismo aurrerakoiak, aldiz, erabakitzeko gaitasuna herritarren esku jartzeko aukera planteatzen du. Horregatik, subiranotasuna berreskuratzeaz gain, zertarako eta noren mesedetan baliatu nahi dugun ere bada eztabaidaren erdigunea. Eta horrek aliantzak eraikitzea eskatzen du, baita desadostasunen gainetik ere, betiere herri bakoitzaren erabakitzeko gaitasuna aitortuta.

Testuinguru honetan, Espainiako hauteskunde orokorrak ez dira gobernuen arteko ohiko alternantzia hutsera mugatzen. Mundu-ordena zaharra krisian dagoenean, hauteskundeek aldaketa sakonak eragin ditzakete estatuaren egituran, eskubideetan eta botere-harremanetan. Horregatik, euskal subiranismoaren eta Espainiako ezkerraren arteko harremana ezin da desadostasun nazionalaren ikuspegitik soilik aztertu. Autogobernuaren inguruko kontraesanek bere horretan jarraitzen badute ere, gobernagarritasunaren inguruko akordioek eta aliantza demokratikoek aukera berriak ireki ditzakete, betiere norberaren proiektu politikoari uko egin gabe.

Aldi berean, ultraeskuinaren gorakadak subiranismo aurrerakoiaren mugak eta aukerak azaleratzen ditu: nazio-identitatearen esentzietan gotortu ordez, subiranotasuna eskubide sozialen, aniztasunaren eta demokratizazioaren inguruan artikulatzea, alegia. Hauteskunde hauetan nork gobernatuko duen erabakitzeaz gain, krisi historiko honen erdian demokraziak, estatuaren antolaketak eta herrien erabakitzeko gaitasunak zer norabide hartuko duten dago jokoan.

Azken finean, Spenglerren gainbeheraren eta Arrighiren trantsizio historikoaren artean, etorkizuna ez dago idatzita. Irautea izan daiteke dagoenari eustea, mundu zaharraren hondarrak mantentzea; bizitzea, ordea, bestelako etorkizun kolektiboak irudikatzeko eta eraikitzeko gaitasuna da. Bizi ala iraun? Agian horixe da gure garaiko dilema faltsuetako bat. Bizirautea ez baita soilik mundu zaharrari eustea, baizik eta bizitzeko aukera berriak sortzea. Bitartean horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.