Bizi ala iraun?Subiranotasuna mundu zaharraren krisian

Kolaborazioa: Jon Azkune

Bizi ala iraun. Dialektika hori aurkezten zigun Berri Txarrak taldeak biziraun abestian. Apalera begiratu eta 1918an Oswald Spengler-ek idatzitako lana dakusat: Mendebaldearen Dekadentzia. Ehun urte baino gehiago igaro diren honetan, leihoaren bestaldera Spenglerren lanaren oihartzunak entzun daitezke.

Genova, Amsterdam, Londres, New York/Washington. Eta horizontean, Pekin. Giovanni Arrighi-k atea jo du. The Long Twentieth Century (1994) liburua zabaldu eta hurrengoa diosku: kapitalismoaren historia ez da etengabeko hazkunde lineal baten historia, baizik eta metaketa-ziklo sistemiko desberdinen segida. Ziklo horietako bakoitza potentzia hegemoniko baten inguruan antolatu da, eta hedapen ekonomikoaren, finantzarizazioaren eta krisiaren arteko harremanek baldintzatu dute haren bilakaera.

Spenglerrek zibilizazioaren patu saihestezina ikusten zuen lekuan, Arrighik kapitalismoaren botere-zentroen lekualdaketa historikoa erakusten digu. Aipatu hiriek XVI. mendetik aurrera egon diren zentro hegemonikoen segida ordezkatzen dute eta momentu honetan azkena eta azken aurrekoaren arteko lehiak (des) ordenatzen du mundua. Egun, Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBen gidaritzapean eraikitako nazioarteko ordenaren eraldaketa sakonago baten aurrean gaude. Txinaren gorakadak, kapitalismo globalaren botere ekonomikoaren birbanaketak eta lehia geopolitikoaren areagotzeak zalantzan jarri dituzte azken hamarkadetako hainbat oreka. Horrek ez du esan nahi AEBen hegemonia desagertu denik, ezta mundu-ordena berri bat behin betiko finkatu denik ere. Nagusi zenaren zahartzaroak eta oraindik nagusi ez denaren nerabetasun luzeak kaosari ateak irekitzen dizkio. Bitartean, Europako geriatrikoan galdera zaharra entzuten da: Quo vadis, Europa?

Hegemonia-krisiek ez dituzte nazioarteko harremanak bakarrik eraldatzen. Estatuen barruko botere-harremanak ere berrantolatzen dituzte. Kapitalismo globalaren eraldaketak, desberdintasun sozialen areagotzeak eta erabaki ekonomikoen gaineko kontrol demokratikoaren mugek subiranotasunaren auzia berriro kokatu dute eztabaida politikoaren erdigunean. Jule Goikoetxeak esaten digun moduan, demokraziaren pribatizazioaren ondorioz erabaki politikoak, ondasun publikoak eta herritarren autogobernurako eskumena merkatuko elite eta korporazio pribatuen mende geratu dira. Erabakitzeko gaitasun demokratikoaren higadurak subiranotasunaren inguruko gatazkak areagotu ditu. Baina gatazka horiek ez dute norabide bakarra: kasu gehienetan sakoneko mekanismoa antzekoa izan arren, hartzen duten forma eta funtsa oso bestelakoak dira.

Eskoziako independentzia erreferendumak eta Brexitak ispilu-joko paregabea eskaintzen digute. 2014. urteko Eskoziako independentzia erreferendumaren lelo nagusia Scotland’s future is in Scotland’s hands izan zen. 2016. urteko Brexitaren kanpainan, Dominic Cumings-ek, Mendebalde zaharraren hats agonikoari ahotsa eman zion: Take Back Control. Bi erreferendum, bi lelo eta, itxuraz, aldarrikapen bera: herriak bere etorkizunaren kontrola berreskuratu behar du. Baina zer herri? Noren esku utzi nahi da boterea? Eta, batez ere, zertarako berreskuratu nahi da subiranotasuna?

Hor dago gaur egungo subiranotasunaren auziaren paradoxa nagusietako bat. Kapitalismo globalaren eraldaketak eta erabakitzeko gaitasun demokratikoaren higadurak subiranotasunaren inguruko eskaerak elikatzen dituzte, baina eskaera horiek norabide politiko kontrajarriak har ditzakete. Subiranotasuna aldarrika daiteke boterea herritarren artean banatzeko, baina baita boterea zentralizatzeko ere; eskubide sozialak zabaltzeko, baina baita komunitate politikoaren mugak estutzeko ere. Mugimendu feministak aspaldi erakutsi digu boterearen demokratizazioa ez dela erakunde politikoetara mugatzen: etxeetan, lantokietan eta zaintza-harremanetan ere badago zer erabaki eta zer eraldatu. Hortaz, subiranotasunaren auzia nork erabakitzen duen galdetzea ez ezik, zer erabakitzen den eta erabaki horiek non hartzen diren aztertzea ere bada.

Azken galdera horretan kokatzen da, hain zuzen ere, euskal subiranismoaren eta Espainiako ezkerraren zati handi baten arteko desberdintasun nagusietako bat: erabaki politikoak hartzeko eskala. Biek aldarrika ditzakete justizia soziala, berdintasuna edo demokraziaren sakontzea, baina ez dute zertan bat egin erabaki horiek hartzeko subjektu politiko nagusia zein den zehazterakoan. Espainiako ezkerrak estatua hartzen du erreferentziazko esparru politiko gisa; euskal subiranismoak, aldiz, Euskal Herria aldarrikatzen du bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko subjektu gisa. Desadostasuna ez da, hortaz, zer politika egin behar diren soilik, ezpada politika horiek erabakitzeko zilegitasuna nork duen.

Hala ere, Espainiako ezkerraren hainbat sektorek eztabaida hori identitate nazionalaren eremura mugatzeko joera izan dute. Ikuspegi horretatik, subiranismoa hizkuntzaren, kulturaren edo sentimendu nazionalaren defentsarekin lotzen da, eta haren aldarrikapen politikoak partikularismo identitarioaren adierazpen gisa aurkezten dira. Karikatura horrek, ordea, funtsezko kontraesan bat ezkutatzen du: Espainiako Estatua erabakitzeko esparru naturaltzat hartzea ere hautu nazional eta politikoa da, ez neutraltasunaren adierazpena. Gaztelania eta Espainiako selekzioa lilura mundialaren ordezkari bilakatzen dira. Espainiako herritarren subiranotasuna unibertsaltasun demokratikoaren izenean defendatzen da eta euskal herritarren erabakitzeko gaitasuna nazionalismoaren eremura baztertzen da. Horrela, boterearen banaketari buruzko eztabaida identitate unibertsal eta partikularren arteko gatazka gisa aurkezten da.

Kotoiaren frogak, aldiz, kontrakoa adierazten digu. Azken hamarkadetan Euskal Herrian, Katalunian eta Eskozian garatutako subiranismo aurrerakoien indarra ezin da azaldu iraganean iltzatutako identitate nazional baten iraupenaren bidez. Mugimendu horiek, identitate nazionala, autogobernurako aldarrikapen demokratikoarekin, eskubide sozialekin eta gizarte-eredu propio bat eraikitzeko aukerarekin lotzeko gaitasuna erakutsi dute. Beste modu batera esanda, beren indarraren gakoetako bat herrien autogobernua proiektu politiko aurrerakoi baten barruan artikulatzea izan da, identitate nazionaletik haragoko sektore sozialak erakarriz. Hala ere, batzuek bide hori desegiteko pauso argiak eman dituzte. Aliança Catalana-ren gorakadak erakutsi digu Katalunian ere subiranismoaren izenean proiektu baztertzaileak eraiki daitezkeela. Euskal Herrian ere antzeko tentaldia sumatzen da esentzien potoaren zaintzaileen artean. Azkenean, gu ere uste duguna baino globalagoak gara.

Mendebaldearen krisiaren garaiotan, subiranotasunaren itzulerak ez du, berez, etorkizun demokratikoago bat bermatzen. Ultraeskuinak iraganeko handitasunaren promesarekin erantzuten dio krisiari, mugak eta hierarkiak berreraikiz; subiranismo aurrerakoiak, aldiz, erabakitzeko gaitasuna herritarren esku jartzeko aukera planteatzen du. Horregatik, subiranotasuna berreskuratzeaz gain, zertarako eta noren mesedetan baliatu nahi dugun ere bada eztabaidaren erdigunea. Eta horrek aliantzak eraikitzea eskatzen du, baita desadostasunen gainetik ere, betiere herri bakoitzaren erabakitzeko gaitasuna aitortuta.

Testuinguru honetan, Espainiako hauteskunde orokorrak ez dira gobernuen arteko ohiko alternantzia hutsera mugatzen. Mundu-ordena zaharra krisian dagoenean, hauteskundeek aldaketa sakonak eragin ditzakete estatuaren egituran, eskubideetan eta botere-harremanetan. Horregatik, euskal subiranismoaren eta Espainiako ezkerraren arteko harremana ezin da desadostasun nazionalaren ikuspegitik soilik aztertu. Autogobernuaren inguruko kontraesanek bere horretan jarraitzen badute ere, gobernagarritasunaren inguruko akordioek eta aliantza demokratikoek aukera berriak ireki ditzakete, betiere norberaren proiektu politikoari uko egin gabe.

Aldi berean, ultraeskuinaren gorakadak subiranismo aurrerakoiaren mugak eta aukerak azaleratzen ditu: nazio-identitatearen esentzietan gotortu ordez, subiranotasuna eskubide sozialen, aniztasunaren eta demokratizazioaren inguruan artikulatzea, alegia. Hauteskunde hauetan nork gobernatuko duen erabakitzeaz gain, krisi historiko honen erdian demokraziak, estatuaren antolaketak eta herrien erabakitzeko gaitasunak zer norabide hartuko duten dago jokoan.

Azken finean, Spenglerren gainbeheraren eta Arrighiren trantsizio historikoaren artean, etorkizuna ez dago idatzita. Irautea izan daiteke dagoenari eustea, mundu zaharraren hondarrak mantentzea; bizitzea, ordea, bestelako etorkizun kolektiboak irudikatzeko eta eraikitzeko gaitasuna da. Bizi ala iraun? Agian horixe da gure garaiko dilema faltsuetako bat. Bizirautea ez baita soilik mundu zaharrari eustea, baizik eta bizitzeko aukera berriak sortzea. Bitartean horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera.

Etxebizitzaren aldeko borrokaren biharamuna

Greba orokorraren biharamunean, Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrean, EAJk alokairu-kontratu mugagabeak luzatzearen aurka bozkatu zuen, beste behin ere, maizterren alde egin beharrean jabeen alde kokatuz.

Gessami Forner

Azaroaren 11ko greba orokorraren eragina handiagoa izan zen bi ezaugarri dituzten lurraldeetan: soldaten eta alokairuen prezioen arteko arrakala handiena dutenetan, eta sindikalismo borrokalariaren tradizioa errotuen dagoenetan. Azken horietan indar handia dute ELA, LAB, Steilas, ESK, CIG (Galizia), CGT, Corriente Sindical de Izquierda (Asturias) eta CNT sindikatuek. Horiei, azken urteotan, maizterren sindikatuak eta etxebizitzaren aldeko kolektiboak gehitu zaizkie. Horregatik, oraingoan, Euskal Herria, Katalunia eta Asturias ez ezik, Madril, Galizia eta Valentzia ere izan dira azaroaren 11ko protesten buru. Izan ere, etxebizitzaren prezioak estu hartzen ditu hango herritarrak, eta prezioen igoera hemen baino askoz ere bortitzagoa eta bat-batekoagoa izan da.

Euskal Autonomia Erkidegoak hamarkadak daramatza Estatuko metro koadro garestienen sailkapenen buruan, bai salerosketan, bai alokairuan. Donostia, Zarautz, Bilbo eta Getxo dira etxebizitza eskuratzeko hiririk garestienak. Bien bitartean, Gasteizen, salmentarako etxebizitza pribatuak edo tasatuak etengabe eraikitzea etxebizitzaren arazoaren konponbidea delako ilusio faltsua zabaldu da. Baina ez da hala: alokairu-eskaintzak urria eta garestia izaten jarraitzen du. Nafarroan, berriz, azken urteotan etxebizitzaren prezioak ia bat-batean egin du gora, Estatuko beste hainbat eremutan bezala. Igoera hori zertxobait moteldu da 2026an (% 5), alokairu-merkatu tentsionatuko eremuak izendatu ondoren.

Behin eta berriz egiaztatu dugu Euskal Herriak Estatuko mobilizazio-gaitasunik handiena duela lan-gatazkei dagokienez. Lantoki historikoetan lanuzteak egin dira; greba orokorrak antolatu dira prestazio hobeak aldarrikatzeko, hala nola aurtengo martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eskatzeko eta 2020ko urtarrilaren 30ean pentsio duinak aldarrikatzeko; eta munduko lehen greba feminista orokorra ere egin zen, 2023ko azaroaren 30ean. Hori guztia kontrabotere-sindikalismoaren, gizarte-mugimenduen eta feminismoaren tradizio historiko luzeari zor zaio. Baina, orain arte, zer gertatzen zen etxebizitzarekin? Agendan zegoen ala ez?

Bai, bazegoen. Klase-sindikatuen artean, LABek Erandioko Zortzien borroka gidatu du, InmoCaixak Mosaic inbertsio-funtsari saldutako zortzi etxebizitza-blokeena. ELAk, berriz, 2020an Alda maizterren sindikatuaren sorrera bultzatu zuen Ipar Euskal Herrian, Manu Robles-Arangiz Fundazioaren bidez. Sindikatu horrek dagoeneko lorpen politiko aipagarriak eskuratu ditu, Frantziako Estatu osoko legedian aplikatzen direnak. Pandemia garaian sortu ziren, halaber, Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta Bilboko AZET, etxebizitzaren aldeko beste hainbat kolektiborekin batera.

Joan den azaroaren 11n Bilboko kaleetan nagusitu zen sentsazioa, goizeko manifestazioko zutabeak jendetzaren ondorioz pilatuta eta aurrera egin ezinik zeudela ikusita, espero baino askoz gehiago ginela izan zen. Etxebizitza, hemen ere, gizartearen ezinegona egituratzen duen ardatz bihurtu da. Ez die soilik ohiko kolektiboei eragiten —gazteei, ama bakarreko familiei eta migratuei—, gainerako herritarrei ere eragiten die. Eta herritar asko dira horiek.

Familian etxebizitza bat oinordetzan jasotzeak, askotan senideak bizirik daudela, gizartearen zati bati arazoari nolabait aurre egiteko aukera eman dio. Horrela, arazo latz bat alfonbrapean ezkutatu da. Baina «amonaren pisuan bizi naiz», «izebari erosi diot etxea» edo «ahizpak eta biok gurasoen pisua partekatzen dugu» gisako irtenbideak agortu egin dira. Eta hurrengo aukera ere bai: ondoko herrira edo pixka bat urrunago bizitzera joatea. Horrek ere urte gutxi batzuetan baino ez zuen balio izan. Ez Durangok, ez Lasartek, ezta Castrok ere —bizkaitar askok aukeratutako Kantabriako herriak— ez dute jada prezio eskuragarririk eskaintzen. Horregatik bete ziren kaleak azaroaren 11n: ez dago beste aukerarik. Erakunde publikoen geldotasunaren aurrean, etxebizitza euskal politika egituratzen duen ardatzetako bat dela berretsi da.

Hala ere, EAJk ezikusiarena egiten jarraitzen du. Zenbat eraikin egin dira azken urteotan Bilbon, itsasadarraren ertzean, prezio astronomikoetan, alokairu sozialak oso maila baxuan jarraitzen duen bitartean eta Alde Zaharra etxebizitza turistikoz betetzen ari den bitartean? Bilboko hauteslerik despistatuenak ere badaki ez EAJk ez PSEk ez diotela etxebizitzaren arazoa konponduko.

Aitzitik, larriagotu egiten dute. Grebaren biharamunean, Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzorde Iraunkorrean, EAJk inolako lotsarik gabe bozkatu zuen etxebizitzari buruzko bi dekretuetako baten aurka: Aitor Estebanen alderdiak ez du nahi alokairu-kontratuak mugagabeak izatea, jabe txikiei «kalte egiten» dietela argudiatuta. Argudio horren egiazkotasun faltaz harago, EAJk maizterrak ez babestea erabaki zuen. Horregatik ez zuen babestu azaroaren 11ko greba.

Ez horregatik bakarrik, baina greba orokorrak eta Batzorde Iraunkorreko bozketak berretsi egin dute dagoeneko susmatzen genuena: badirudi zein izango den azaroaren 29ko emaitza Hego Euskal Herrian, non EAEk 18 eserleku dituen Espainiako Diputatuen Kongresuan eta Nafarroak beste bost. Inkestek iradokitzen duten bezala, EH Bilduk EAJ aurreratuko du.

Polarizazio momentuan ezkerrago kokatuak

Nikole Ziarrusta (Kolaborazioa)

Azken hamarkadetako polarizaziorik handiena ematen ari da eremu politikoan. Eskuina ultraeskuinerantz mugitzen ari da, eta ultraeskuina are bortitz, autoritario eta neoliberalagoa bilakatzen. Bitartean, ofentsiba berriari aurre eginez, ezkerreko indarrak orain arte lortutako eskubideak galdu ez daitezen lanean ari dira,  gaurko egoera konplexu eta prekarioei aterabide emantzipatzaile bat nola eman asmatzen saiatzen ari diren artean. Polarizazio honek, nahitaez,  bloke politikoak sortzen ditu, horrela, joko zelaia testuinguru orokorrak emana dator hein handi batean.

Faxismoaren nazioarteko igoera eta artikulazioa ez da ausazko fenomenoa. Europan adibidez, XX. Mendeko Italia, Espainia edo Alemaniako faxismo eta nazismoak lehen mundu gerraren osteko jendarte pobretuetan sortzen dira. Krisi momentu sakonak bizi ziren, eta bortizkeriaren onarpen maila ikaragarri altua zen. Egungo testuinguruak baditu antzekotasun batzuk faxismoen hazkunde momentu batera eraman gaitzaketenak: badira gutxienez bi hamarkada Europa gainbehera ekonomikoan sartu zenetik, herri sektoreen errentak behera egin dute, zaintza krisiak edota krisi ekosozialak lehertu dira, eta etxebizitza zein soldata duinak bermatuta edukitzea fantasia bilakatzen ari da gehiengo batentzat. Munduko biztanleriaren  ehuneko batak aberastasun osoaren ehuneko berrogeita bost inguru pilatzen du, historian ezagutu dugun inoizko aberastasunaren banaketa bidegabeenarekin. Kapitalismo neoliberal, patriarkal eta arrazistak sortutako egoera hau baliatu eta norabidetzera dator pultsio autoritario eta taupada atzerakoi zahar-berria; finean, ordena berria haien mesedetara finkatzeko proposamena dakarte.

Espainiar estatuaren kasuan, inoiz lurperatu ez den sen frankistak ez du askorik behar berriz hortzak ateratzeko. XX. mendeko erregimen diktatorialaren oinordekoak dira eskuin-ultra eta ultraeskuina. Espainiar estatuan ez baita sekula demokratizazio prozesu erreal bat egon; erregimenaren politikariak, epaileak, militarrak edota monarkiak bere horretan iraun du. Estatu sakona eta 78ko erregimena izendatu den paktu horri eutsi zaio gaur egunera arte, faxismoaren biziberritzerako ate bat beti zabalik mantendu da, eta pixkanaka-pixkanaka berriz gorputza hartzen hasia da.

Hego Euskal Herriaren kasuan, egoera bestelakoa da. Polarizazio momentu honetan antifaxismoak eta ezkerreko politika aurrerakoiek are onarpen maila handiagoa lortzen ari dira. Horren adibide dira 2026ko hauteskundeetarako inkestetan irtendako datuak. Euskal Herriak memoria antifrankista du, eta hamarkadetako langile borrokaren, borroka feministen eta nazio askapen borrokaren balioetan aurkitzen ditu bere oinarriak. Hego Euskal Herrian espainiar estatuan baino posizio aurrerakoiagoak daude, nahiz eta ñabardura txikiak egon daitezkeen irakurketa batzuetan.

Hau horrela izanik, gure herrian ikus dezakegun faxismo antolatua espainolismotik datorrela ziurtatu dezakegu; agenda antifeministatik hasi (Euskal Udalekuen kasua) eta ofentsiba arrazistara (Donostiako kontzentrazioak). Gai batzuetan posizio erreakzionarioek EAJren babes mediatiko eta instituzionala lortzen dute, baina kalean eta jendarte antolatuaren artean posizio horiek guztiz marjinalak dira gaur gaurkoz. Dena den, eskuineratze prozesu orokortuak eragina duenik ezin da ukatu, eta erreakzio patriarkal eta arrazista berriak hartu ditzakeen dimentsioak gertutik jarraitzen segi beharko dugu.